CarmenAmurrioOlaortua

Carmenek lan berezia egiten dau, beraz, sari berezia merezi dau: Gazte Role Model Saria.
Sari Solidarioa 2012
Carmen Amurrio Olaortua, gernikar emakume honek 34 urte baino gehiago daroaz EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailean irakasle.
Irakaskuntzarekin batera Getxoko Tourseko Santa Martin Misio Taldearen Alkartean lan-solidarioa egiten dau.
Talde hau, orain dala 30 urte hasi zan lanean, Alfonso Saiz abade eta elizbarrutiko misiolariari laguntzeko asmoz. Honek, 1990ean Kongoko hego-ekialdeko oihanean dagoan Kanseniako bailaran eskolatze eta lanbide- prestakuntza eta trebakuntzari ekin eutsolarik.
Proiektuak, 2004tik hona 19 herritik etortzen diran 2.300 ikasleri erantzuten deutse. Alkarte honen lorpenik handiena Elizbarrutiko Misioei, “Correo Misionero” eta “Anelkar” GKEei eta Kaputxino Frantsizkotar Misiolariei diruz laguntzeaz gain, doaneko eskolatzerik ez dagoan herri honetan gazteei unibertsitate ikasketetan bekak emotea be izan da.
Era berean, proiektua, eskolatzeak eragindako gastuez ez ezik trebakuntza lanaz be arduratuko da, honen truke biztanleriaren onurarako izango dan auzolana ikasleek zein familiek garatzea eskatzen daualarik.
Horrela, eskolak eraikitzeko erabiliko diran egositako adobegintzan zein komunikabideak hobetzeko bideak konpontzen zein kalitatea dauan ura lortzeko zulatzen dabilzanak tartean sartzea lortu dabe.
Elizbarrutiko Misioakaz eta “Correo Misionero” eta “Anelkar” GKEakaz lan eginez, Kanseniako bailarako biztanleei lurra jorratu ahal izateko, 12.000 aitzur inguru heldu jakez.
Aurreko guztia gitxi balitz, aurtengo udan, Kapiritik 8 kilometrora eta Mutobotik 16 kilometrora dagoan ur-jauzitik Mwanga, Kapiri eta Mutobo herrietara ura eroateko proiektua arrakasta handiz burutu dabe. Bai ur-bideratzea, bai herrixkako ur-banatzea, iturri eta ikuztegiak jarriz, biztanleen lanari esker izan da.
Une honetan lehentasuna dauan proiektua Kanseniako ospitalean argi- sorgailu barria martxan jartzea da. Horretarako, Carmenen eta kideen moduko lagunak behar doguz, hitza betetzen dabenak, solidarioak, gehien behar dabenen alde lan egiten dabenak, edozein lan egiteko prest dagozanak, dohaintza nork egin daikean antzemanez, euren lana erakusketen bidez zabalduz, igorpenak prestatuz, botikak sailkatuz…


